XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...)Tristea da zurekin lotzen nauen gauza bakarra, umezaroan nizun beldurra dela ohartzea, duela egun gutxi arte bederen.

Izan ere, zu nire bizitzan zerbait gehiago izaten hasi zinen une hartan izan nuen beldur sentipen berbera; nire jabe egin zen neurtezinezko ikara bat krudelki.

Noizbait nahi izan badut denboran aurrera egin eta bizitzaren malkarrei hor konpon egitea, Centro Penitenciario irakur zitekeen burnizko seinale hura kausitu genuenean izan zen.

Huskeria bat baino ez nintzen neurrigabetasun enkoniagarri hartan galduta, abegi eskaseko lur latz haiek azkandurik sostengatzen zutena.

Ezerez hark ez ei zuen hasiera ez bukaerarik; begiak nekatzeraino zen gaitza.

Oraino ez dut ulertzen nola urteen joan-etorrian hainbeste negar-anpulu xurgatutako lurra izan zitekeen hain idorra.

Isuritako gizamalko bakoitzeko lore bat erne izan balitz, hura munduko leku politena izango zatekeela pentsarazi zidan bizi egarriak.

Erdi-erdian, lurraren sakonetik irtenda bezala, adreilu eta zementuzko mamutzar gorri bat altxatzen zen, irmotasun berekoa, ehiartasun berekoa, zureak ziren kateak herrestatuz.

Sarreran, ibilgailuentzako barrera eta goardia egiteko kabina bat baino ez genuen aurkitu; bizi aztarna bat ere ez zen ageri, den-dena hutsik zegoen.

Ezkerrean, kristalezko ate laxo bat ikus zitekeen, denboraren poderioan markoko pintura galduz eta likistasuna bereganatuz zihoana.

Hura zeharkatuz itxarongela batean sartu ginen.

Hiruzpalau ijito familia eta emakumeren bat edo hormaren kontra jarritako aulki luzeetan eserita.

Gelaren mutur batean kantina txiki bat, sendi haietako buruek goiz garratzak eztitzearren harrapatutako hordialdien erruz itxita.(...)